Niri buruz

Garazi basoan

— Aldatzea da bizitzea —

Txikitatik erakutsi zidaten bizitza maitatzen.
Bizitza, naturaren baitan, izaki eta elementu ezberdinen
interakzioetatik jaiotzen den magia hori.

Nire ibilbide profesionala bideratzerako unean naturarekiko nuen miresmena alde batera utzi nuen. Ingeniaritza Industrialeko ikasketak burutu eta enpresa batean lanean hastearekin batera, ordea, berpiztu zitzaidan barruko harra. Denbora pasa ahala, geroz eta arrotzago sentitzen nuen mundu hura.

Basoko hostoak

Ez dago orekarik, dena mugitzen eta aldatzen ari da etengabe, baita gu ere. Horixe da, hain zuzen ere, bizitzea.

Aralarren lanean hasi ziren hondeamakinen hotsak kontzientzia astindu zidan, baita barren-barreneko sinesmen eta grinak azaleratu ere. Gertakari harren bueltan jende berria ezagutu eta elkarlanerako komunitate bat, familia bat, osatu genuen. Eragile aparta izan zen aldaketarako. Bost urtez lanean aritu nintzen enpresa utzi eta nire ibilbide profesionala errotik aldatzea erabaki nuen.

Inor ez baita ikasita jaiotzen, eta sekula ez delako hasteko beranduegi. Saiatu beharra neukan.

Bigarren Hezkuntzako irakasle masterra amaitu eta basoak eta klima krisiaren inguruko ikerketa bat garatzeak, iraunkortasun eta ingurumen lanei loturiko lanketa abiarazteko aukera eskaini zidan. Boluntariotza-lanak eginez, jende berria ezagutuz, asko ikasi eta esperientzia apartak bizitzen hasi nintzen. Bizipen horiek oinarritzat hartuta, nire proiektu pertsonala abiarazteko saltoa eman nuen.

Garazi bulegoan lanean

Pixkanaka, ia konturatu ere egin gabe, esperientzia
haietan ernatu zen mizelioa jada hedatzen hasia zen.

Inspirazio bila zatoz etxera:

naturara, basora
Garazi basoa behatzen

Aniztasuna:

Gure mundua anitza da, zentzu guztietan, eta horrek aberasten gaitu: aldatzen eta egokitzen laguntzen digu.

Konplexutasuna:

Bizitza ahalbidetzen duten bizidun, elementu eta prozesu guztietatik haratago, giza pentsamenduarena. Konplexutasun horrek izan behar du iraultzarako abiapuntua.

Sinbiosia:

Aniztasuna eta konplexutasuna gailentzen diren munduan, izate ezberdinen arteko harremanetan oinarritzen da dena. Elkarren beharra dugu.

Etengabeko aldaketa:

Inoiz baino aldakorragoa den munduan, errealitatearekin aldatu eta egokitzen joan beharra daukagu. Azken finean, aldatzea da bizitzea.

Ezagutu zertan lagun diezazukedan: